XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi jasoaldiren alde kendu Saizarrek Otaegiri Azpeitiko apustuan.

DONOSTIA (EGIN).- Joan den igandean Azpeitiko zezenplazan ospatu zen harrijasotze apustuan, Orioko Jose Inazio Saizarrek irabazi zuen Goiazko Joan Migel Otaegiren kontra.

162,5 kiloko harriari 33 jasoaldi eman zizkion oriotarrak; galtzaileak, bi jasoaldi gutxiago.

Oriotarrak jaso zituen 200.000 pezetak; egia esan, antidoping izeneko kontrola egin ondoan ikusi beharko da jasoko dituenez.

Larehunen bat ikusle; eguraldi bikaina, ez bero ez hotz.

Apustua hasi aurretik Goiazkoaren alde trabesak.

Otaegik eman zion hasiera apustuari.

Lehendabiziko txandan, 12 jasoaldi egin zituen, baita Saizarrek ere.

Orduantxe izan zen trabesa ugari, batzu Goiazkoaren alde beste batzu Oriokoaren.

Hala ere, oriotarra lanean patxadatsuago ari zela iruditu zitzaigun.

Bigarren txandan, Otaegik 11 jasoaldi eta 12 Saizarrek.

Orduantxe bai ez zela dudarik apustuzaleen artean.

Hirugarren txandan, 8 jasoaldi Goiazkoak eta 89 Oriokoak.

Arrunt nekatuta bukatu zuen galtzaileak, eta puxka bat lasaiago irabazleak.

Hala ere, hirugarren txandan ez zen beste txandatako indartsua hau ere, normala den bezala.

Bi indartsuek 162,5 kilotako harria erabili zuten.

Kontratoan ez zen harriaren itxuraz eta formaz ezertxo ere esaten.

Otaegik harri zilindrikoa ekarri zuen, erretangularra Saizarrek.

Sei minutuko hiru txanda egin zituen bakoitzak.

Hona hemen erresultatuak eta bakoitzaren berri.

Goiazko Joan Migel Otaegik 24 urte ditu, 1,70 metroko altura eta 77 kilo.

Goenatxo I eta Ibarbia izan zituen laguntzaile.

Lehenbiziko txandan, 12 jasoaldi; bigarrenean, 11; hirugarrenean, 8.

Guztitara, 31 jasoaldi.

Orioko Jose Inazio Saizarrek 32 urte ditu, 1,70 metroko altura eta 73 kilo.

Erdozia eta Etxeberria izan zituen laguntzaile.

Lehenbiziko txandan, 12 jasoaldi; bigarrenean, 12; hirugarrenean, 9.

Guztitara, 33 jasoaldi.

Rufino ELIZALDE.